XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Maddi! Maddi! egin zuen garraisi Manexek, pozaren pozez zoraturik.

Beste guztiak ere oihuka hasi ziren.

Esan ezinekoa da une hartan gertatu zena: nolako besarkadak elkarri, nolako laztanak!.

Elkarri lepotik helduz, hitzik ere ahozkatu ezinik, egon ohi ziren luzaro, malkoak zeriozkela.

Hura zen poza, hura zoramena!.

Elkarri begietara so egin eta berriro laztantzen zuten batak bestea, azkenean gertatzen ari zitzaiena sinetsi ezinik.

Hain luzaroan elkar ikusi gabe, elkarren berri ere jakin gabe egon ondoren, hainbeste neke, oinaze eta nahigabe jasan ondoren... berriro elkarrekin, berriro Euskal Herrian, berriro etxean!.

Etxeak hondatuak, hustuak, bipilduak zeuden; gizon-emakume haiek ez zuten bizitzeko adina ere; baina pozez gainezka zeuden berriz ere etxean zirelako.

Egia zen pozkario hura ez zutela denek sentitzen: etxe askotan senideren bat falta zuten.

Sarakoen artean seirehun hilik ziren eta beste mila inguruetako herrietakoen artean.

Beñat ere falta zen; ez zuen inork ekartzen haren berririk.

Hala eta guztiz ere, herriratu haiek, falta zirenez ahantzi gabe, berriro hasi behar zuten bizitzen eta herria jasotzen.

Arrats hartan, Bordazahar alai zegoen.

Aspaldian ez bezala, su ederra eta laratzetik zintzilik zegoen pertzean afari goxoa irakiten... Azkenean bilduak ziren!.